
Yungay hiriarentzat eta inguruko herrientzat, 1970eko maiatzaren 31a “Azken Epaiketaren Eguna bezalakoa” izan zen, bizirik atera zirenen testigantzen arabera. Minutu gutxitan Yungay Hermosura deiturikoa milaka tona izotz eta harkaitzen azpian desagertu zen. Baziren hondamendiaren irakurketa erlijiosoa egin zutenak eta behin ibarreko herrien mendi sakratua zenak, Huascaranek, konkistatzaileen harrotasuna lehenik eta elite kreolearrarena geroago suntsitu egin zuela zioten.
Tragediaren bizirik atera zirenek ia dena galdu zuten. Hirurehun bat gizasemek, neska, mutil, gizon eta emakumeak, egun luzeak pasa zuten talde txikietan elkarturik babes gabeko guneetan (hilerria, Atmako muinoa, Runtu)… urik gabe, janaririk gabe, haien maitearen berririk gabe. Haien inguruan, hiria estaltzen zuen lokatz lautada eta hura ezkutatzen zuen laino iluna, besterik ez.
Emakumeen galtzerdiekin eta kaktus hosto txikiekin lokatzetik ur garbia ateratzen ikasi zuten, denda txikietan, etxeetan eta baserri hutsetan gordetako janaria harrapatu eta, historikoki gaizki begiratu izandako mendiko herrietako biztanleen laguntza ere jaso egin zuten.
Herrialdeko tragediaren dimentsioek gaindituta, gobernuaren laguntza motela zen eta heldu zenerako agindu zehatz batekin batera zetorren. Leku hura utzi eta toki seguruagoak bilatu behar zituzten. Yungaitar eskukada batek uko egin zion aginduari. “Yungay hemen geratzen da!”, aldarrikatu zuten. Bazekiten, alde eginez gero, haien istorioa betirako galduko zela.


Hiri berria, oraindik lau palmondoen enborrek markatzen duten hirigune zaharretik kilometro eskas batera berreraiki zen. Jende berria etorri zen. Gaur egun 10.000 biztanle inguru ditu, gehienak inguruko herrietatik etorritakoak eta Conchucos bailarakoak, Huascarango beste aldean.
Yungay berriak hasierako batean diseinatu ziren segurtasun marjinak gainezkatu ditu, eta luizi berrien mehatxupean dago. Cordinllera Blancako glaziarrak gero eta azkarrago urtzen ari dira. Kalkuluen arabera, mende honetan erabat desagertuko dira eta, horiekin batera, jendeari eta abereei edaria ematen dien ura eta soroak ureztatzen dituen ura ere galdu egingo da.
Bere mototaxiekin, zelularrekin eta sare sozialetarako konexioarekin mundu garaikidean bete betean sartuta dagoela dirudien arren Yungayko biztanleri berria bere iraganetik deskonektatua dago erabat. Tragediaren 50 urteak gaindituta, garai hartan bizirik iraun zutenek oroimena babesteko borrokatzen dute, hiritar berriek hilerriko lautada euren baratzeak ezartzeko edo “tokiko potentzial turistikoa ustiatzeko” aprobetxatzen duten bitartean.
